Gaur hasi dira BIEMH Talks jardunaldiak, Digital Talksen hitzaldi, keynote, workshop eta mahai-inguruekin. Mota horretako aurkezpenen bidez, BIEMH Talks-ak industriaren egungo egoera eta etorkizuneko proiekzioak aztertuko dituzte, ostegunera bitarte. 

Gaurko saioak digitalizazioa eta industriaren sistema adimenduak izan ditu hizpide. Sektoreko profesionalek Adimen Artifizialaren eta bere erabilpenen inguruan egin dute gogoeta, smart manufacturinga eta fabrikazio aurreratua izanik erdigunean. BECeko 4. pabiloiko Conference Room-ean izan dira berbaldiok.  

Zenbait enpresen arrakasta aztertu dute hasierako aurkezpenean eta Adimen Artifizialaren abantailak azpimarratu dituzte, adibidez, automobilgintzaren industriako balio-katearen plangintzan, sekuentziazioan eta sinkronizazioan. Horrekin batera, Datuek Berrikuntzaren eta Jasangarritasunaren arloetan duten zereginaz aritu dira, “benetako erronka ez baitago metaketan, aprobetxamendu estrategikoan baizik”, hizlarietako batek esan duen moduen. 

Adimen artifizial sortzailearen inguruan hitz egiterakoan, Txina buru duten inbertsioak ekarri dituzte gogora. Asiako herrialdeak, iaz, 20.000 milioi dolar inbertitu zituen teknologia horretan, aipatu duten legez, eta Euskadin bertan aukera anda dakar horrek. Hizlarietako baten hitzek teknologia honen garrantzia bikain biribiltzen dute: “Une honetan, gizarte-ereduen gerra baten erdian gaude, eta gure egungo ongizate-estatua mantendu nahi badugu, ezagutza defendatu eta teknologia hauek menperatu behar ditugu”. 

Digital Talks-en azken saioak zibersegurtasunean jarri du arreta, Europako Estrategia buru duen esparru generiko batetik. Kontuan hartuta eraso baten eragina minimizatzeko errore-tartea gero eta estuagoa dela, zibersegurtasunaren potentzialari balioa eman behar zaiola defendatu dute hizlariek, “zibersegurtasuna benetako konpromisoa delako edozein negozioren jarraipenarekin”. 

Azkenik, zibersegurtasuneko datu-espazioei buruzko mahai-inguru batek gakoak eta joerak eman ditu mehatxu zibernetikoen inguruan. Negozio handia dago eremu horretan, aipatu duten moduan. “Lan-eremu benetan zirraragarria da”, esan dute. 

Bihar Automation & Robotics Talks izango dira. Industriari aplikatutako robotika eta automatizazio berrikuntzak eta garapenak aurkeztuko dira bertan, eta ostegunean Additive Talks-en txanda izango da, eta teknologia aditiboaren erronkak, bilakaera eta ezarpena azpimarratuko dira bertan.