+INDUSTRY 2025 azoka amaitu da, eta 12.120 bisitari eta oso balantze positiboa izan ditu. Aurtengo edizioa ezberdina izan da honako hauek direla eta: produktuaren kantitatea eta kalitatea, lehen mailako eszenaratzea eta teknologia-eskaintza oso aurreratua. Horrek plataforma hau Espainian urte honetan smart manufacturingarekin lotuta egindako lehen hitzordu nagusi gisa sendotu du.
+INDUSTRYko formatu sektorizatuak aukera eman du industria-fabrikazioko prozesu eta berrikuntza nagusiak ikusteko, balio erantsi handia duen espazio batean, eta indartu egin ditu berrikuntza, networkinga eta negozio-aukerak haren zazpi azoka espezializatuei esker.
47 herrialdetako profesionalek erantzun diote deialdi honi eta, besteak beste, herrialde hauetatik iritsi dira: Frantzia, Italia, Alemania, Portugal, Taiwan, Txina, Hego Korea, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Maroko eta Errumania. Estatutik iritsitako bisitariei dagokienez, % 40 Euskal Autonomia Erkidego kanpokoak izan dira, batez ere erkidego hauetakoak: Katalunia, Madrilgo Komunitatea, Nafarroa, Kantabria, Gaztela eta Leon, Valentziako Komunitatea eta Asturias. Era berean, EAEko enpresa fabrikatzaile handiak azokan izan dira.
Beste alderdi garrantzitsu bat izan da bisitarien profil oso kualifikatua, berrikuntzan eta etengabeko hobekuntzan egindako inbertsiora oso bideratua egon baita. Bertaratu direnen artean, hauek nabarmendu dira: zuzendari nagusiak, CEOak, jabeak, gerenteak, baita hainbat arlotako arduradunak ere, besteak beste, erosketak, I+G+b, produkzioa eta sail teknikoak.
873 enpresa erakusketarik 1.500 proiektu inguru aurkeztu izanak +INDUSTRYren efektu biderkatzailea indartu du. Erakusketarako guneak oso irtenbide berritzaileak eskaini ditu funtsezko sektoreetan: automatizazioa, robotika, azpikontratazioa eta hornidura, digitalizazioa, fabrikazio aditiboa eta ponpa eta balbulak, adibidez. Hala, industria-fabrikazioaren funtsezko prozesu guztiak eta joeradisruptiboenak barneratu ditu.
Hori guztia posible izan da beren esparruetan liderrak diren azokak aldi berean egin direlako: AdditƐD, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves, Subcontratación eta WeAR. Azken horren lehenengo edizioa izan da aurten, eta ikusmin handia eragin du. Hori nabaria izan da bai produktua zuzenean erakusteko egokitutako guneetan, bai espazio guztietako jarduera mailan.
Azoka batez ere dinamikoa eta praktikoa izan da, eta produktuen eta zerbitzuen aplikazio zuzena erakutsi duten hainbat kasu erreal eskaini dituzte. +INDUSTRYk jarduera-programa oparoa eskaini du, eta barne hartu ditu Innovation Workshop tailerrak, Tech Demoak, bisita teknikoak, eta hainbat espazio bai networkingerako, bai B2B topaketetarako. Era berean, konferentzien programak —Additive, Digital eta Maintenance Talks— hainbat herrialdetako 40 hizlari bildu ditu, eta horiek ikuspegi globala eta diziplina anitzekoa ekarri dute industria aurreratua berriz definitzen ari diren erronka handien inguruan.
Aldi berean, B2B topaketa-programaren puntu nabarmenetako bat izan da Azpikontratazio Industrialaren Europako XXI. Topaketa. Ekitaldia Cambra de Barcelonak, CamaraBilbaok eta BECek antolatu dute, Espainiako merkataritza-ganberekin elkarlanean. 1.000 elkarrizketa komertzial inguru izan dira bertan, eta honako herrialde hauetatik iritsitako enpresa erosleek hartu dute parte: Alemania, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Italia, Maroko, Portugal, Suedia eta Suitza, besteak beste.
Erakundeen eta elkarteen babesa edizio honen oinarrietako bat izan da. Askotariko erakundeen elkarlana eta parte-hartzea izan du +INDUSTRYk. Espainiako merkataritza-ganberak, eta sektore, lurralde eta eskualde mailetako elkarteak ordezkatuak izan dira, AFM moduko kluster estrategikoekin eta GAIA moduko elkarteekin batera. Gainera, Estatuko eta nazioarteko beste erakunde profesional batzuk ere bertan izan dira. Horrez gain, aurten bereziki nabarmendu beharrekoa da Portugalek ekimenaren alde egindako apustua.
Gainera, eta aste honetan industriako eragile nagusiak Bilbao Exhibition Centren izan direla aprobetxatuz, +INDUSTRY espazioa bi azoka handik aukeratu dute —hain zuzen ere, EMOk eta Formnextek, munduko erreferenteak dira haien esparruan— haien hurrengo edizioak aurkezteko. Formnext azokari dagokionez, adierazi dute Espainia izango dela herrialde gonbidatua 2025ean.
WORKinn Talent Hub, industriaren eta talentuaren arteko zubia
Industriak berriro ere erakutsi du WORKinn Talent Hubek zer rol betetzen duen, bai motor ekonomiko moduan, bai kalitatezko enplegua sortzeko garaian. Topagune horrek aurten 20 erakunde eta enpresa baino gehiagok eskainitako 387 lan-eskaintza ekarri dizkie bertaratutakoei.
Gainera, enplegu-foroak orientazio profesionala eskaini die industriak gehien eskatzen dituen profilak era aktiboan bilatzen dituzten ikasleei eta pertsonei. Bestalde, Inspire Guneak zazpi lan-estaziotan zeharreko ibilbidea proposatu du. Han, bertaratu direnek modu praktikoan ikusi ahal izan dute nola ari den aldatzen teknologia industriaren sektorearekin lotutako lan-ingurunea.
+INDUSTRY 2027 otsailean izango da
+INDUSTRYren hurrengo edizioa 2027ko otsailaren 23tik 25era izango da. Egutegi-aldaketa horrek, bertaratuen esperientzia hobetzeaz gain, inbertsioaren itzulkina maximizatuko du, eta eragin positiboa izango du enpresen negozioan. Hain zuzen ere, data berri horrek aukera emango die bertaratuei funtsezko hainbat alderdiri aurrerapen handiagoz heltzeko, esaterako, logistikari, kontaktu komertzialak sortzeari edo ekitaldiaren ondorengo jarraipenari.
Gainera, azoken nazioarteko zirkuituaren hasieran kokatzeak +INDUSTRYk bere espezialitateko lider gisa duen posizioa sendotuko du. Aldaketa horrek enpresa askoren oraingo merkataritza-beharrei erantzuten die, eta antolakuntza-taldeak honako hauek lortzeko egindako apustu irmoaren emaitza da: berrikuntzaren eta negozioaren trakzio espazioa eskaintzea, eta bezeroei arreta hobea ematea, merkatuaren mundu mailako eskariei aurrea hartuta.

Iruzkin bat utzi